Jori Colomer, Sanmarko Mankomunitateko teknikari-aholkulariak, hondakinen atez ateko bilketak dituen abantaila ekonomiko garrantzitsuenak aurkeztu ditu Gipuzkoako Merkatari Ganberan. Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko alkateak, zinegotziak eta ingurumen teknikariak izan ditu entzule. Hondakinen kudeaketan adituak egungo egoera “hondakinen tratamendu-kostuaren hazkunde esponentzialarena” dela esan du, eta gaineratu du horrela jarraituz gero, hondakin-tasa esponentzialki hazten jarraituko dela, errauste-plantek kolpatutako beste lurraldeetan gertatu den bezalaxe. Hazkunde hori eteteko era bakarra gaikako bilketa handitzea eta errefusa ahalik eta gehien murritzea dela ziurtatu du, atez ateko bilketa sistema piskanaka Gipuzkoa osora zabalduz.
Zero Zabor, eredu zirkular baterantz
11:00etan puntuan hasi da Donostiako Gipuzkoako Merkatari Ganberan Jordi Colomerrek atez ateko bilketa sistemaren abantaila ekonomikoen inguruan eman duen hitzaldia. Ricardo Ortegaren eta Imanol Azpirozeren sarreraren ondoren, Sanmarko Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea hurrenez hurren, Jordi Colomerrek hartu du hitza, mankomunitateko lehendakaritzaren aholkularia eta atez ateko hondakin bilketan aditua.
Jordik hau esanez hasi du hitzaldia: “Sanmarko Mankomunitatearen helburua eta bisio estrategikoa Zero Zaborra da. Ustiapen, produkzio, kontsumo eta ‘deuseztea’ oinarri dituen egungo eredu lineala, externalitateak sortzen ez dituen eredu zirkular batengatik ordezkatu behar da. Helburua zero zabor iraunkorrenerantz joatea da, askoz gastu energetiko gutxiagorekin”.
Lehen pausua, banaketa jatorrian
Zero zaborrera iristeko produkzio prozesuaren fase guztietan eragin behar da. Horretarako izaera integraleko neurri zerrenda aurkeztu du Jordik, nahikoa anbiziotsuak, baina helburu hori egingarri izatea ahalbidetuko dutenak. Adibidez, dekonstrukzio sistemak sortzea eta horrek dakarren materia inerteak aprobetxatzea, ontzien produkzio eta kontsumoa gutxitzeko ekimen legegileak bideratzea, material birziklagarri berrien eta industria-diseinuaren ikerkuntza sustatzea, edo zabortegietan lurperatutako materialen errekuperaziorako politika aktiboak gauzatzea. Neurri horietatik guztietatik, lehentasunak ezarri behar direla esan zuen, eta lehentasun handiena une honetan, materialen bereizketa egitea da, birziklatze maila %30etik %80era pasatzea ahalbidetzen baitu. Oro bat, herriek material birziklagarri guztia eman behar dute eta eginkizun horretarako, atez atekoa ezartzea funtsezkoa da.
Atez atekoa 5. edukiontzia baina ekonomikoagoa da
Sanmarkoko aholkularia beldur da errefusaren prezioa ez ote duen gora egiten jarraituko. Azken urteotan hondakin-tasak hazkunde handia jasan du eta dirudienez, ez du goia jo oraindik.
Taulan ikus daitekeenaren arabera, atez atekoaren kostua (azken zutabea) edukiontzien sistemara gerturatzen da (hirugarren zutabea), baina 5.edukiontziaren sistema baino merkeagoa da (laugarren zutabea).
Edukiontzien sistemaren arazoa errefusaren kopurua handitzen duela da. Horrek errefusa kudeatzea egunetik egunera garestitzea dakar, zabortegiak bete egiten ari direlako eta materia geroz eta urrutirago garraiatu behar delako.
Prezioa igotzen doa, eta arazoa larriagotu egiten da beste kostu batzuk gehitzen badizkiogu: bilketen hazkunde progesiboak, zabortegietara doanaren kopurua, bilketa sistemen teknifikazioa, lurrazpiko edukiontziak eraikitzea eta horien mantenua… Testuinguru horri bosgarren edukiontziaren frakzio organikoa biltzeak duen kostua gehitzen badiogu, edukiontzien sistemaren bilketa eta hondakinen tratamendua izugarri igotzen da.
Gainera, bosgarren edukiontziaren eraginkortasun urria dela eta (30gr/bizt/egun jasotzen dira bataz beste, 300gr/bizt/egun produkzioko bataz bestekotik), jaso eta tratatu behar den errefusa ez da nabarmen gutxitzen, eta beraz, aurrezteak ez dira behar adina nabarmentzen zentzu horretan.
Gaikako bilketa handitzeak dakarren kostuen gutxitzea ilustratzeko, Colomerrek Italiako herri batzuen kasua jarri zuen adibide gisa. Lotura erraza da. Oinarrian, gutxi birziklatzen duten herriek kostu gutxi daukate bilketan, baina asko birziklatzen dutenek tratamendu-kostuak aurrezten dituzte, eta horiek oso altuak dira Italian (120 eta 150 euro inguru errefusa tonako). Briziklatzeak azkenean, gaikako bilketaren gainkostua konpentsatzen du, eta hondakinen kudeaketaren amaierako kostua ere jaitsi dezake.
Colomerrek Gipuzkoako hondakinen tratamendu-kostuaren azterketa estatistikoa ere egin zuen. Ondorio nagusia errefusaren tratamendu-kostuaren hazkuntza esponentzialeko unean gaudela da. Prezioak 0,98an gerturatzen dira kurba teorikora.
Colomerrek argitu zuen emaitza hori pentsatzekoa dela, hori izaten delako “ohikoena” errauste-planta eraikitzea aurreikusi den lurraldeetan.
Atez atekoa zabaltzea premiazkoa da
Bilketa-kostuen hazkuntza esponentziala eteteko funtsezkoa da errefusa maila baxuenera gutxitzea eta organiko guztia bereiztea. Horretarako premiazkoa da atez atekoa Gipuzkoa osora zabaltzea.
Jordi Colomerrek behin eta berriz errepikatu du atez ateko sistemak duen abantaila ekonomikoetako batek lotura zuzena duela biltzen den errefusa kopuruarekin. Atez ateko sistema ezartzeak berekin dakar hondakinen %15eko gutxitzea, eta horietatik zati txiki bat besterik ez da errefusa (%20a baino gutxiago). Udalek dagoeneko biltzen ez den errefusaren kostua ordaintzeari uzten diote.
Atez ateko sistemak kostuak modulatzea ahalbidetzen duela esan zuen Jordi Colomerrek, errealitate ezberdinetara egokitzeko, eta pauta erraz batzuk jarraituz, atez ateko bilketaren kostuak txikitzea posible izateko.
Zerbitzuak erkidetzea estrategia oso baliagarria da horretarako. Inbertsio erkidetuen kostuak beti dira txikiagoak, inbertsioen errentagarritasuna maximizatu egiten delako; esate baterako, ibilgailuen inbertsioan edo hiritarren arretarako zerbitzuan.
Kontuan hartzeko beste kostu bat, materiala birziklatze eta konpostatze plantetaraino eramatearena da. Oreka bilatu behar da distantzia eta birziklatze zentruen artean, asko eraiki behar ez daitezen, eta era berean, urrunegi egon ez daitezen.
Birziklatzea bultzatzeko Sanmarko Mankomunitatea egiten ari den esfortzuaren inguruan esan zuen, hautsi egin dela gutxien birziklatzen zuten herriak saritzearen eskema. Sanmarkoko herriek zuzenean jasotzen dute papera eta ontziak birziklatzetik errekuperatzen dena. Estimulu ekonomiko horiei esker, atez ateko sistema duten herriek diru asko errekuperatzen dute eta birziklatzea errentagarri ateratzen zaie.
Datu hori bereziki garrantzitsua da paperaren kasuan, oso garesti saltzen delako. Bost urtean tonako 60 eurotan saltzetik, 90 eurotan saltzera pasa da, eta aurreikus daitekeenaren arabera, prezioa zifra horretan egonkortuko da. Zaborrera botatzen dugun paper bakoitzeko dirua galtzen ari gara.
Material birziklagarriak saltzetik ateratzen den dirua zuzenean herriek jasotzearen beste abantaila bat gaikako bilketa kopuruen handitze ikaragarria da. Adibidez, bataz beste 39 kilo ontzi sortzen dira biztanleko eta urteko. Usurbilek 36,6 kilo jasotzen ditu biztanleko urtean, eta Sanmarkoren bataz bestekoa 16 kiloan dago. Zerga berdea: etorkizun errentagarria
Erakundeen egiturak zuzeneko eragina dauka bilketa sistema ezberdinen kostuan. Erakunde supramunizipalek zerga berdea deitutakoaren bidez, baliabideen birziklapena ekonomikoki sustatuko balute, atez ateko bilketa egiten dutenak onuradun handienak izango lirateke, beraiek direlako gehien birziklatzen dutenak.
Etorkizuneko eszenatoki hau ilustratzeko, Colomerrek Kataluniako adibidea jarri zuen. Hor gaikako bilketa egiten ez duten herriek penalizazioa jasotzen dute, zabortegira edo errauste-plantara doan tona bakoitzeko gehiago ordainaraziz. Gainera, Katalunian konpostatze-plantetan sartzen den frakzio organikoa biztanle kopuruko eta inpropioen portzentaiko ordaintzen da, aurrez ezarritako baremo baten arabera. Adibidez, neurri horiek Hernaniko kasuari aplikatuko bagenizkio, organiko tona bakoitzeko 130 eurotik 40 euro ordaintzera pasako litzateke. Horrek aurrezte handia ekarriko lieke organiko asko birziklatzen duten udaletako diru-kutxei.
Jendeak patrikan nabaritzen du
Atez ateko sistemaren abantaila ekonomikoen alderik garrantzitsuena jendeak euren patriketan nabaritzen duela da. Atez atekoaren bidez, erabiltzaileek zuzenean ateratzen dute onura ekonomikoa. Hori bi arrazoirengatik gertatzen da, batez ere: batetik bidezko zerga jartzea ahalbidetzen duelako, eta bestetik, lanpostuak sortzen dituelako.
Pizgarri fiskalak ahalbidetzeko funtsezkoa da atez ateko sistema ezartzea. Ez da posible pizgarri fiskalak aplikatzea, ez bada bakoitzak soetzen duena kontabilizatzen. Atez ateko sistema bezalako batek bakarrik ahalbidetzen du familia bakoitzak sortzen duen pisuaren zenbatzaile bat edukitzea, gehien birziklatzen duten familiek abantaila hori eduki dezaten.
Azkenik, atez atekoak beste edozein sistemarekin alderatuta duen beste abantaila bat da lehenak lanpostu asko sortzen dituela, tokian tokikoak eta egonkorrak. Colomerrek kalkulatu duenaren arabera, atez atekoa Gipuzkoa osora zabalduko balitz, 465 lanpostu sortuko lirateke, gutxienez. Beste sistemek azpiegituretan egiten dute inbertsioa, eta joera gastuak langileak kenduz gutxitzea da. Atez atekoak, berriz, jendean eta tokian tokiko ekonomia garapenean inbertitzen du. Normalean atez atekoaren eta errauste-plantaren lanpostu erlazioa 10-1ekoa dela esan du.
Galderak eta erantzunak
Hitzaldiaren amaieran galdera asko egon dira. Hemen, Jordi Colomerren hiru erantzun bakarrik azpimarratuko ditugu, interes orokorrekoak direlako.
Lehendabizikoa. Hondakinak kudeatzen lan egiten duten erakundeek ez lukete errefusa kudeatu behar. Colomerren ustez, gaikako bilketaren emaitzarik onenak, errefusa kudeatzeko erantzukizuna ez duten erakundeenak dira, eta errefusa kanpo-kostu bat bezala ikusten dutenak, Belgikan gertatzen den bezala, beraiek direlako kostuak jaisteko lehen interesatuak.
Bigarrena. Herri txiki eta sakabanatuek euren estrategiak garatu ditzateke atez ateko bilketa egiteko; adibidez, autokonpostatzea orokortzea.
Hirugarrena. Biometanizazioa autokonpostajearen alternatiba izan daiteke dentsitate handiko hirigunetan eta espazio faltagatik konpostadora jartzeko arazoa dagoen lekuetan.